|
|
|
Behe-Nafarroa - Geografia - Ekonomia - Historia Euskal Herriko I-ko probintzia eta lurralde historikoa, Pirinio Atlantikoak dpdu.aren barnean; 1.374 km2 eta 28.614 bizt. (baxenabartarrak). 74 udalerri ditu. Hbru: Donibane-Garazi. Mugak: I-an Landak, H-an Nafarroa Garaia, E-an Zuberoa eta M-an Lapurdi. Zazpi kantonamendutan banatuta dago: Baigorrikoa, Iholdikoa, Donibane-Garazikoa, Donapaleukoa (Zuberoako zenbait herri ktdu. honetakoak dira), Bastidakoa, Hazparnekoa eta Bidaxunekoa; azken hiru hauetan Lapurdiko udalerriak ere badaude. Geografia. Lurralde menditsua da, batik bat H-an, Pirinioak baitaude bertan: Okabe (1.466 m), Urkulu (1.419 m), Mendibeltza (1.411 m), Errozate (1.345 m), Lauri-a (1.278 m), etab. Zenbat eta iparralderago, hainbat txikiagoak dira mendiak eta lauagoa lurraldea. Ibaiak isurialde atlantikokoak dira: Errobi, Arnegi, Aldude, Aran eta Biduze. Klima epela du udan eta hotza neguan; euria egiten du urte osoan eta elurra neguan; beraz, hezetasun handikoa da. Nekazari-giroko lurraldea da eta emigrazio handia izan du. XX. m.an hazkunde demografikoa negatiboa izan da. Baxenabartarrek Lapurdiko industriguneetara nahiz Paris eta Bordelekoetara jo dute lan bila. Bertan gelditu direnak, berriz, hiriburu eta hiri handietara bildu dira. Populazioa galtzearen ondorioz, udalerri txiki asko elkartu egin ziren (1970-80). ^^Igo^^ Ekonomia. Nekazaritza (laboreak eta barazkiak) eta abeltzaintzan (ardi-aziendak) oinarritzen da. Industriak ez du garrantzi handirik eta turismoa, apurka bada ere, garatzen ari da. Oro har, Baionatik gertuen dagoen lurraldea garatuago eta industrializatuago dago, eta hegoaldekoa, berriz, lehen sektoreari lotua. Donibane-Garazi eta Donapaleu dira administrazio- eta merkataritza-gune nagusiak. ^^Igo^^ Historia. (1530 aurreko historiarako ikus Nafarroa). XVI. m.aren erdialdetik aurrera erlijio-gerrek astindu zuten Nafarroa Beherea; Joana III.a erregina 1560an kalbinismora aldatu zen eta erreforma kalbindarra ezarri nahi izan zuen bere agintepeko lurraldeetan, baina nafar katolikoek aurre egin zioten. Enrike III.a Frantziako errege bihurtu zenean (1589), Nafarroa Beherea eta Frantziako erresumak errege beraren agintepean geratu ziren, baina bakoitzak bere gorteei, monetari eta mugei eutsiz. Luis XIII.ak Nafarroa Behereak zituen eskubideak ezeztatu egin zituen Frantziako koroapean sarraraziz; halere, foruak errespetatu egin zituen (1620). Nafarroa Behereak bere erakundeak zituen, baina baita erregearekiko harremanak erregulatzen zituen foru nagusia ere; honen arabera, erregeak bertakoen eskubideak eta ohiturak mantenduko zituela zin egin behar zuen hauek erregearekiko leialtasuna azaldu aurretik. Ondoren erregeak erret ofizialak izendatzen zituen; garrantzitsuena merinoa zen eta erregearen ordez merindadea gobernatzen zuen. Pirinioetako bakea sinatutakoan, Luis XIV.ak Nafarroako lurretako eskubideei uko egin zien behin-betirako, baina Nafarroa Beherea haren menpera pasatu zen (1659). Frantziako errege absolutistek Nafarroa Behereko autonomia murriztu egin zuten. XVII. m.ko krisiak eragin handia izan zuen: feudalismoak gainbehera egin zuen eta erret ordezkariekiko harremanak gero eta zailagoak suertatzen ziren, hauek lurren kontrol osoa nahi baitzuten. Luis XVI.ak 1789an Estatu Orokorrak deitu zituenean behenafarrek ez joatea erabaki zuten, deialdia Nafarroako erresumari ez zegokiola argudiatuz. Urte berean Nafarroako Estatu Orokorrek, Donibane-Garazin bildurik, subirotasuna eskatu zuten. Frantziarekin batasun federala baino ez zuten onartzen, errege bera izatera mugatua. Urte bereko Iraultza Frantsesak, ordea, eskaera horiek ezabatu egin zituen. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa Pirinio Behereko departamenduan sartu zituzten Biarnorekin batera (1790). Iraultza-garaia oso kaltegarria izan zen Ipar Euskal Herriarentzat; bere lege zaharrak eta foruak galdu eta euskarak eraso latzak jasan zituen. Bestalde, Iraultza Frantsesaren ondoren Frantzia eta Espainiaren arteko gerrak ondorio txarrak izan zituen Euskal Herriarentzat, txikizio eta hondamen ugari eragin zuten. Harez geroztik, Nafarroa Behereko historia nagusia Frantziako historiari lotuta joan da. Iraultza Frantsesaz geroztik, politika-arloan, Nafarroa Behereko botoak eskuineko alderdietara joan izan dira. Ekonomian, berriz, oso larria izan zen baserriak XIX. m.aren bukaeran eta XX.aren hasieran jasan zuen krisia. Apurka-apurka Mendibeko, Baigorriko eta Bankako olak hertsi ziren. Emigraziorako bidea hartu zuen jendeak, Ameriketakoak batik bat. XX. m.aren erdialdera, Nafarroa Behereak ezagutu duen berritzapen nabarienetarikoa kooperatibaren inguruan gertatu da. ^^Igo^^ |
||